Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Berriak

Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Gaztemaniak kontzertua! SUNSET SONS + Pet Fennec

Kontzertua azaroaren 19an,Donostian. Sarrera bikoitzak ditugu banatzeko!

2016·11·01


Kontzertua Kontadoresen izango da, Donostian, azaroaren 19an, 21:00etan.  Sarrerak ditugu, formularioa betetzen dutenen artean zozkatzeko. Parte hartzeko azken eguna azaroaren 16a izango da.  Zozketan parte hartzeko.

SUNSET SONS 

SUNSET SONS 

Sunset Sons indie rockeko taldea osatzen dute gaur egun Soorts-Hossegor herrian –Akitania eskualdeko itsasaldeko herria, Frantziako Landatan, Irundik ordubetera autoz– bizi diren lau surflari britainiarrek eta australiarrek. Herri txikia da, apenas dituen lau mila biztanle, eta Atlantikoa du bizigai, bereziki, surfa; surfa egiteko eskolak, klubak eta materiala alokatzeko establezimenduak nahinon. Kasualitatez, edo, hobe esanda, ohola hartu eta olatu gainean ibiltzeko grina zutenez, maiz egiten zuten bat Pete Harper baxu-jotzailearen lehengusuaren Le Surfingen. Halako gau batez, 2013an, lokalean lan-txanda bete ondoren, Rory Williams abeslari eta piano-jotzailea pianoa jotzen hasi zen, abesti oso ezagunen bertsioak oihuka kantatuz. Lokalean zen Jed Laidlaw, gerora Sunset Sons taldeko bateria-jotzailea izango zena, ikuskizunarekin zeharo txundituta. Eguna argitzearekin bat amaitu zen festa.

Gau bizi eta ahaztezin hartan hasi zuten adiskidetasuna Laidlawek eta Williamsek eta talde bat sortzea erabaki zuten, inguruetako gau-klubetan jotzeko. Harper konbentzitu eta Robin Windram gitarra-jotzailea taldera erakarri ondoren, jotzen hasi ziren eta Sunset Sons izena eman zioten taldeari. Bolada luze bat eman zuten egunez surfean egiten, ordu batzuk lan egin eta bizitzeko nahikoa ateratzen eta gauez kontzertuak ematen inguruetako taberna-zuloetan, gero eta handiagoa zen zirkulua osatuz. Horretan zirela, abestiak sortzeari ekitea erabaki zuten, jendaurrean jo eta grabatzea, eta lau egun eskasetan egin ere; EP horri, nola ez, honako izena jarri zioten: Le Surfing Ep.

Arrakastatxoa izan zuen diskoak iTunes-en 2014ko lehen hilabetetan, hainbestekoa, zenbait diskoetxek begiz jo baitzituzten. Sunset Sonsen musika-ikuspegi pertsonala da bat-batean sortu duen interesaren zergatia, hala publikoaren aldetik, nola kritikarien zein diskoetxeen aldetik. Hondartzako mutil berri hauek soinu lasaia egiten dute, baina hautsa sumatzen dena, pop eta amerikana ukituekin; Tom Petty lirudike, baina rock kolpe gogorragoekin, betiere oso melodikoak direnak, eta Kings of Leon taldearen tankerakoa da, hondartza-ukitu ekidinezinean izan ezik.

www.facebook.com/SunsetSons/

Pet Fennec

Urko Eizmendi abeslari, konpositore eta multi instrumentari donostiarraren indie rock proiektu berria da Pet Fennec. 60 eta 70. hamarkadako pop melodien eragin nabarmena duten etxeko grabaketak ekoizten ditu Eizmendik, Guided By Voices edota Grandaddy bezalako taldeen DIY filosofia lehenetsiz. 

www.facebook.com/petfennec/