Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Berriak

Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Emakumea, gaztea eta kirolari profesionala: Uxue Ezkurdia, Bera Berako jokalariarekin aritu gara

Ligako azken lau txapelketak irabazi ditu Bera Berak eta bosgarrenaren bila doaz.

2016·03·08


Txikitatik maite izan du eskubaloia Uxuek. Jokalari iaioa da, urteak eman ditu gogotik lanean kirolari profesionala izatea lortu duen arte. Bera Bera taldean ari da, 2012ko urtarrilean egin zuen debuta. Hegalean jokatzen du, azken aldian eskuinean ari da baina ezkerrean ere jokatu du. Emakumearen Nazioarteko Eguna dela-eta, elkarrizketa egin diogu; emakumea, gaztea eta kirolari profesionala da eta gaiari buruz badu zer esana.

Emakumea eta kirolaria zara:

Noiz eta nola hasi zinen eskubaloian?

8 urte nituela auzoko Aitor Ikastolako eskola kiroleko talde mistoan hasi nintzen. 12 urterekin nesken taldea sortu genuen ikastolan, eta lehen hezkuntza bukatu genuenean, auzoan neskentzako kirol-talderik ez zegoenez, eskubaloiko nesken lehen taldea sortu genuen. Asko ginen kirola, eta bereziki kirol hau, gustuko genuenak; eta auzoan neskek ere, mutilek bezala, kirola egiteko aukera izan nahi genuen.

Zein zailtasun ikusten dituzu gizartearengana iristeko?

Batetik, eskubaloiak ez du futbolak duen oihartzunik eta, bestetik, emakumeon kirola ere gizonezkoena baino gutxietsiagoa dago. Ikusi besterik ez dago komunikabideetan emakumeon kirolari buruz ematen den informazioa: oso leku txikia eskaintzen digute.

Emakundek kanpaina atera du, martxoaren 8aren ildora, haur eta nerabeekin darabilgun hizkuntza sexista salatzeko. Kirol arloan ikusten duzu hizkuntza hori erabiltzen dela?

Umetan marimutiltzat hartzen bagintuzten ere, gaur egun, adinean aurrera egitean horrelako hizkuntza sexistarik ez dugu sumatzen. Baina seguru asko, nahiz eta ez entzun, jendeak bere baitarako pentsatzen duela dudarik ez dut. Azkenean, jende askoren ustez ez da egokia indarra erabiltzen den kiroletan emakumeak ikustea.

Entzun duzu noizbait hizkera iraingarririk?

Nire inguruan zorionez ez dut horrelakorik entzun.

Sumatu duzu kirolean aldaketarik? (Bera Bera azken urteetan primerako maila ematen ari da eta, hala ere, Reala da hiriko talde ezagunena…)

Egia da azken urteotan aldaketak izan direla, irabazi dugun guztiaren ondoren oihartzun gehiago lortu dugu, baina ez da nahikoa. Oraindik asko dago egiteko mutilen parera iristeko. Hiri honetan haur ia guztientzat Realeko jokalariak dira eredu eta emakume kirolariak ezezagunak gara edo maila bat beherago ikusten gaituzte.

Gizonezkoekin alderatuta, babesleek eta diru-laguntzek ez dute zer ikusirik eta, horren ondorioz, gure baliabideak oso murritzak dira orokorrean. Ikusi besterik ez dago, bi asteburuz behin bidaiak egiten ditugunean, zenbat kilometro egiten ditugun autobusean jokatu eta bueltan etxera itzultzeko.

Kirolaria eta gaztea zara:

Kirolaria eta gaztea zara, nola bizi duzu zure gaztetasuna kirolari profesional gisa? (koadrilakoekin plan mugatuak, …)

Egunero entrenatzeak ahalegin handia eskatzen du, ordu asko eskaintzen dizkiogu eta, horretaz gain, ikasketak ere hor ditugu askok. Azkenean ikasketak eta entrenatzeak ordu asko kentzen dizkigu eta, egia esan, denbora libre gutxi izaten dugu. Bidaiarik ez dugun aste-bukaeretan lagunekin eta familiarekin lasai egoteko aprobetxatzen dut. Egia da kirolari profesionala izateak asko mugatzen duela planak egiteko orduan, baina esan beharra daukat taldean dugun giro onak asko laguntzen didala; azken batean, esfortzu handia eskatzen badu ere, alde on gehiago dituela argi dut.

Bidaia asko dituzue, nola pasatzen duzu denbora? Sare sozialak erabiltzen dituzu?

Bi astez behin etxetik kanpo jokatzen dugunez, ordu asko pasatzen ditugu autobusean. Bidaian zehar filmak ikusten ditugu, baita irakurri edo denbora-pasak egin ere. Normalean ordu asko direnean lo egin eta atseden hartzeko ere aprobetxatzen dugu, eta gure artean hizketan ere denbora asko pasatzen dugu.

Sare sozialak ez ditut maiz erabiltzen, baina taldean ohitura handia dago partiden aurretik zerbait idatzi eta, ondoren,  baita emaitza argitaratzekoa ere. Hala, nahi duen jendeak zer egin dugun jakin dezake sare sozialen bitartez.

Zer esango zenieke eskubaloian hasten ari diren neskatoei?

Talde-kirolean jokatzeko kirol polita dela, jende asko ezagutzeko aukera ematen duela eta gustatzen zaionari, oztopoak edukita ere, nahi izanez gero dena posible dela. Inoiz  probatu ez duena probatzera animatzen dut,  ziur nago kirol honen bitartez gauza asko ikasiko dituela eta pertsonalki ere asko aberastuko duela.

Azken 10 partidak irabazi ondoren, aurten ere Bera Berak ligako txapeldun izateko aukera du. Horretarako, apiril hasieran berebiziko partida dute Rocasa taldearen aurka, haien aurka irabaziz gero, lehen postuan jarriko dira.

Zorte on neskak!!!