Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Berriak

Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Lansarean App: euskarazko lan aukerak eskaintzen dituen aplikazioa

Bai Euskarari Elkarteak eskaintzen duen lan-atari erreferenteak lan bila ari diren profesionalei eta lana eskaintzen duten enpresei zuzenduriko aplikazioa estreinatu du.

2018·08·10


Bai Euskarari Elkarteak euskaraz dagoen lan-atari bakarraren aplikazioa aurkeztu du: Lansarean App. 4.000 lan-eskaintza, 380 enpresa eta 2.800 erabiltzaile baino gehiago jaso ditu webguneak eta, oraingoan, tresna berriarekin, pauso bat harago eman nahi izan dute, ibilbide profesionala euskaraz garatu nahi duenari erraztasunak ematen jarraitzeko. 

Lansarean bi publiko hauei dago zuzendua: alde batetik, enpresa, saltoki eta era guztietako entitateei, lan-eskaintzak zabaldu eta hautaketa-prozesuak arinago kudea ditzaten; eta, bestetik, lan bila ari diren pertsonei, euskarazko eskaintza profesionalak modu pertsonalizatu batean jaso eta hobekien egokitzen zaien lana topa dezaten. Bien kasuetan, Google Play eta App Store-n deskarga dezakete tresna berria, doan.

Lana euskaraz bilatu, lana euskaraz eskaini eta euskaraz lan egin nahi duen komunitateari tresna eta baliabide berriak eskaini nahi zaizkie, haien behar eta lan-kudeaketa ohituretara egokiturik. Jakin badakigu gaur egun, pertsona gehienek aplikazio eta mugikorren bidez egiten dituztela Internet bidezko bilaketak, erreserbak, erosketak, etab. Hori horrela izanik eta “lehen aukera euskara, lan aukera euskaraz” kontzeptutik abiaturik, lan-eskaintzak euskaraz kudeatzeko aukera eskaintzen du aplikazio berriak.

Aplikazio funtzionala

Hautagaia izan edo profesionala izan, lan eskaintzen kudeaketa erraza eta eraginkorra izateko diseinaturik dago aplikazio berria. Sektore anitzeko lan-eskaintzak jasotzen ditu atariak, interesen arabera pertsonalizatu daitezkeenak; aplikazioak, gainera, notifikazioak programatzeko eta eskaintzak ordenatzeko aukera ematen du; kudeatzeko sistema erraza dauka, eta hautagai-enpresa harremanetan jartzeko mezularitza aukera eskaintzen du. Horretaz gain, Lansarean-eko erabiltzaileei ibilbide profesionala euskaraz egiten laguntzeko helburuarekin, orientazio zerbitzua eman eta formakuntza agendaren berri ematen du.

Deskargatu APP-a