Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Berriak

Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Gipuzkoako Haurtxokoak eta Gaztelekuak ikuspegi guztietatik

Haurtxokoen eta Gaztelekuen sarea sustatzeko bideoa aurkeztu du Aldundiak

2018·06·05


Haurrak, nerabeak, gurasoak, hezitzaileak eta udal-teknikariak dira ikus-entzunezko honetan protagonista.

 

Gipuzkoako Haurtxokoen eta Gaztelekuen helburua da, kalitatezko aisialdi eskaintza baten bitartez, haurrek eta nerabeek gizartean dagokien lekua bermatzearen alde lan egitea.

Gipuzkoako 47 udalerritan banatuta, 100 gune daude guztira, eta bertan 230 hezitzailek dihardute lanean. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016an jarri zuen martxan Haurtxokoen eta Gaztelekuen sarea indartzeko lehen kanpaina, Haur eta Nerabeen Nazioarteko egunarekin bat eginez. Ordutik bi urte igaro dira eta, marka berri bat sortzeaz gain, ekimen desberdinak burutu ditu, udalekin batera, haurtxokoak eta gaztelekuak gizarteratu, indartu eta zabaltzeko asmoz. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteen Sustapen Zuzendaria Goizane Alvarezek adierazi duenez, “gaur aurkeztu dugun ikus-entzunezko lan honekin beste urrats bat eman nahi izan dugu Gipuzkoako haur eta nerabeentzat funtsezkoa den zerbitzu honen alde”.

Era berean azaldu du ezinbestekoa zela ekimen honetan zerbitzuaren ardatz diren pertsonei ahotsa ematea. Horren ondorioz, komunikazio-kanpaina bideo batean oinarritu da, eta bertan, haurrak, nerabeak, gurasoak, hezitzaileak eta udal-teknikariak dira protagonista. 

Bideoa Gipuzkoako herri desberdinetan grabatu da, aniztasuna eta errealitate desberdinak islatu ahal izateko. “Segurtasun-txoko bat, gizarte hobeagoa eraikitzeko aukera ematen duena, deskonektatzeko eta lagunekin egoteko gunea, euren herritartasuna aldarrikatzeko lekua, bide-laguntza, maitasuna, errespetua, aniztasuna, pertsonak hezten dituen espazioa, haur eta nerabeak libre sentitzeko lekua…”.

 

Horrela deskribatzen dituzte elkarrizketetan parte hartu duten pertsonek haurtxokoak eta gaztelekuak. “Zerbitzua ikuspegi desberdinetatik ezagutzea oso aberasgarria izan da; eta kalitatezko aisialdiaren alde lan egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi dugu”.

Bideoa www.gipuzkoangazte.eus atarian eta sare sozialetan egongo da ikusgai. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak gaineratu du irailerako, haurtxokoak eta gaztelekuak irekitzen direnerako, izena emateko kanpaina lantzen ari dela. “Izena emateko kanpaina horretan ere, haurrak eta nerabeak izango dira protagonista”.