Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Berriak

Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Enplegu-programak, gazteak lan-munduratzeko akuilua

Gaztea bazara eta lan bila bazabiltza edo, agian, ideia bat martxan jarri nahi baduzu, zure eskualdeko garapen-agentziak lagun zaitzakete

2017·12·12


320x162

Gazteen Euskal Behatokiak emandako azken datuen arabera, Gipuzkoako gazteen artean langabeziak behera egin du, nabarmen, azken urtean; baina hala ere, langabezia-tasak altua izaten jarraitzen du (%12,7). Bada, Gipuzkoako garapen-agentziek enpleguaren alorrean aholkularitza eta bestelako baliabideak eskaintzeaz gain, hainbat programa kudeatzen dituzte Gipuzkoako gazteei egoera hori aldatzen laguntzeko.

Gure lurraldean, 11 garapen-agentzia daude: BETERRI BURUNTZA, DEBAGOIENA, DEBEGESA, IRAURGI BERRITZEN, OARSOALDEA, TOLOSALDEA, UGGASA, UROLA KOSTA, GOIEKI, BIDASOA BIZIRIK eta DONOSTIA SUSTAPENA.

Guztiak Euskadiko toki-erakundeek eratutako entitateak dira, eta beren udalerri eta eskualdeen garapen ekonomikoa sustatzea dute eginkizun nagusi. Horretarako, askotariko proiektuak eta ekimenak kudeatzen dituzte, besteak beste, lana lortzeko aukerak hobetzen laguntzeko, proiektu berriak martxan jartzeko edo enpresen sorkuntza sustatzeko.

Urolakostako teknikari Vanessa Garcíak adierazi digunez, “gaur egun enpresetako hautaketa-prozesuetan gero eta gehiago baloratzen da berrikuntzarako ezinbestekoak diren konpetentzia, jarrera eta ezagutza zehatzak edukitzea…, hala nola: diseinatzaileen ikuspegitik pentsatzen jakitea, enpatia, ikaskuntza kolaboratiboa, sare sozialak, sarean lan egiten jakitea, bilerak digitalki egitea... Konpetentzia, tresna eta ezagutza horiek bereizten dute talentua gaur egun”. Horregatik, garapen-agentziek ematen duten prestakuntza halakoak eskuratzera bideratzen da maiz.

Aipatutakoez bereiz, ordea, garapen-agentzia guztiek eskaintzen dituzte, espezifikoki gazteentzat ez badira ere, pertsonen gaitasun pertsonalak eta profesionalak lantzeko hainbat egitasmo/zerbitzu eta baliabide: esate baterako, aholkularitza eta bakarkako saioak, lana bilatzeko teknikak lantzeko ikastaroak, enplegu-guneak, lan-poltsak, eta abar.

Ildo horretan, gazteen enplegua sustatzeko, espezifikoki, bi programa interesgarri ditu Garapen Agentzien Euskal Elkarteak (Garapen): Hazilan eta Txertatu merkatuan. Egitasmo hauek Eusko Jaurlaritzarekin eta Europako Gizarte Funtsarekin elkarlanean garatzen dira.


16-30 Urte eta laneratzeko zailtasunak? 

16 eta 30 urte bitarteko adina eta oinarrizko ikasketak izanik, lan-munduan sartzea zaila baduzu, Txertatu Merkatuan da zure aukera; prestakuntza praktikoa eta teknikoa jasotzen edo lan-zirkuituetan sartzen lagunduko dizu.

Programa hau zure jakintza, trebetasun eta zaletasunetan oinarrituko da, lan-profil bat eraikitzeko eta, zure premien arabera, laneratzea bultzatzeko. Izan ere, parte-hartzaileen egoera partikularrera eta enplegagarritasun-mailara egokitzen diren tailerrak eskaintzen ditu: erdi produktiboak, gaitasun teknikoetan prestatzekoak edo eta gizarte-berrikuntzako gaitasunak garatzeko tailerrak.

 

Goi mailako prestakuntza, baina lanik ez?

Gazte kualifikatua bazara eta lan bila bazabiltza, Hazilan proiektuak lan-munduratzen lagunduko dizu. Izan ere, orain arteko edizioetan era askotako profilak edo ikasketak zituzten gazteek parte hartu dute, eta txertatze-maila oso altua izan da.

Zenbat aldiz entzun izan ote dugu azken urteotan gazteak inoiz baino prestatuago zaudetela, goi mailako ikasketak dituzuela, masterrak, hizkuntzak… Alegia, ustez, lan-merkaturatzeko bidea errazagoa izan beharko zenuketela, baina hala al da?

Lanbide Heziketako eta unibertsitateko ikasketak egin dituzten gazte askok zailtasunak dituzte beren esparruko ikasketei lotutako lanpostuetan laneratzeko, alde batetik, beren lanbide-profilari lotutako esperientziarik ez dutelako, eta bestetik, enpresek eskatzen dituzten zeharkako konpetentziak eta gaitasunak garatu gabe dituztelako. 

Metodologia berritzailea proposatzen du, ibilbide pertsonalizatu batean oinarritua, eta parte-hartzaileen ezaugarri pertsonaletara eta enpresek eskatutako proiektu profesionaletara egokitua. Debagoienako teknikari Koldo Azkoitiaren esanetan, “hain zuzen ere, parte-hartzaile bakoitzaren profilaren edo prestakuntzaren araberako enpresak bilatzeko ahalegina egiten da”. Alde batetik, konpetentzia pertsonalak eta profesionalak lantzen dira eta, bestetik, aukera eskaintzen da lanpostuari lotutako prestakuntza espezializatua jasotzeko, enpresan praktikak egiteko edota enpresako proiektuak garatzen parte hartzeko.

Hazilanek programak parte-hartzaileen eta enpresa-proiektuen ezaugarriei era malguan egokituta dauden lau ataleko ibilbide bat proposatzen du: Aktibatu (pertsona kualifikatuak aktibatzea), Lanekin (lanposturako prestakuntza), Kokatu (praktikak enpresan) eta Talentu Ihesa (proiektu berrietan parte hartzea). 

 

Beste programa eta baliabide batzuk 

320x162

Aipatutakoez gain, agentzia batzuek badituzte bestelako zenbait programa ere zuzenean gazteentzat direnak. DONOSTIAKO SUSTAPENAk, adibidez, haiek lan-munduarekin harremanetan jartzeko egitasmo zehatzak ditu, besteak beste:

Nazioartekotze-bekak, unibertsitate-titulazioa eta goi-mailako lanbide-heziketa duten gazteentzako bekak dira, atzerrian ordaindutako praktikak egiteko. Aldiz, Gazteekin eta Jabe Izan programek prestakuntza-ekintzak, arreta eta laguntza eskaintzen dituzte gazteen enplegagarritasuna eta okupagarritasuna hobetzeko. Talentuaren inguruko Tokiko Talentuaren Itzulera programak 35 urtetik beherako gazteak itzultzea bultzatzen du eta, ondoren, Talentu Berritzaileak programako proiektu berritzaileetan parte hartzeko aukera ematen die. Amaitzeko, Investiga programak, aukera ematen die 30 urtetik beherako gazte kualifikatuei I+G+b arloarekin zerikusia duten eginkizunetan aritzeko.

 

 Ekintzailetza

320x162

Azkenik, agian ideia bat duzu, eta hura garatzeko ekintzailetzaren bidea aukeratzea darabilzu gogoan. Izan ere, krisiaren ondoren gero eta jende gehiagok hartzen du kontuan aukera hori. Hala bada, gorago aipatutako tresna eta laguntzez gain, zure eskualdeko agentziak hainbat baliabide ditu zuretzat.

Arlo horretan Gipuzkoako garapen-agentzia guztien eskaintza zehatz-mehatz berdina ez bada ere, antzeko zerbitzuak ematen dituzte. Horietako gehienetan izango dituzu, besteak bestea, autoenplegurako orientazioa eta informazioa, eta hainbat arlotarako aholkularitza, laguntza, prestakuntza eta tailerrak: negozio-ideien bideragarritasun-planak egiteko, enpresak sortzeko, finantziaziorako, aurrerago enpresa kudeatzeko... Gainera, horiez gain, zenbaitek espazioa eta baliabideak ere lagatzen dizkiete halakoak behar dituztenei, baldintza oso onetan.

Beraz, lan bila bazabiltza edo zure kasa lanean hasteko asmoa baduzu, jo ezazu zure eskualdeko garapen-agentziara, bertan lagunduko dizute, ez izan zalantzarik.