Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Berriak

Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

ELKARRIZKETA: Maite Garaigordobil, Psikologiako doktorea eta UPV/EHUko Ebaluazio Psikologikoko katedraduna

Pasa den azaroaren 22an “Gurasoekin eta hezitzaileekin bullyingaz eta cyberbullyingaz solasean” hitzaldia izan zen, San Telmo Museoan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritza Nagusiak antolatuta. Hizlaria Maite Garaigordobil, UPV/EHUko Ebaluazio Psikologikoko katedraduna izan zen, eta aurkezpena Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol diputatu Denis Itxasok egin zuen.

2017·11·28


Hitzaldian hobeto ezagutu genituen bullyingaren eta cyberbullyingaren kontzeptuak eta azken hori prebenitu eta murrizteko esku hartzeko programa, Maite Garaigordobilek zuzendutako Cyberprogram 2.0. Gainera, aukera izan genuen katedradun eta “ebaluazio psikologikoa: ebaluazio-tresnak eta esku hartzeko proiektuak” ikerketa-taldeko arduradunarekin hitz egiteko, gatazkak konpontzeko kontzeptuak, ideiak eta estrategia kooperatiboak aztertzeko.

Nola definituko zenuke bulling-aren kontzeptua?

Bullinga indarkeria-modu espezifiko bat da: erasotzaile batek edo batzuek kide bati mina eragiten diote nahita, behin eta berriz jazarri egiten dute edo oinperatu. Aurrez aurreko bullyingaz ari garenean defentsarik gabeko biktima bati buruz ari gara, hainbat eratako erasoak jasaten dituen biktima bati buruz. Jokabide oldarkor horiek maiz errepikatzen dira (ez da eraso puntual bat).

Eta ciberbullying-a?

Gaur egun bullying-aren beste modu batzuk gertatzen dira, esate baterako, cyberbullyinga; hau da, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) erabiltzea, batez ere Internet eta mugikorra, berdinei jazarpena egiteko.

 

Prebentzio-neurri gisa, zein aholku emango zenizkieke familiei eta ikastetxeei?

Gaiari buruz egindako azterketek agerian jarri dute guraso-heziketako jokaera batzuek murriztu egiten dituztela seme-alabak biktima edo erasotzaile bilakatzeko aukerak. Hazkuntza-jarraibideen artean azpimarratzekoak dira: seme-alabaren estimua suspertzea, hura baloratu eta bere lorpenak goraipatzea; jokabide onak identifikatu eta aintzat hartzea; seme-alabei baldintzarik gabeko maitasuna erakustea; enpatia eta jokaera prosoziala sustatzea; mugak jartzea autoritarioak izan gabe, diziplinarekin koherenteak izanez; seme-alabei denbora eskaintzea; jokabide-eredu egokia izatea; eta etxean komunikazioa lehentasun izatea.

Gainera, cyberbullyinga prebenitzeko, gurasoak sartu egin daitezke adingabeek Internet erabiltzeko duten moduan, ordenagailuak guztiok erabiltzen dituzten geletan jarri, Internet eta ordenagailua erabiltzeko ordutegi bat jarri, bai eta edukientzat ere, eta gaiari buruzko etengabeko elkarrizketa ezarri.

Eta bullyingaren biktimen familiei?

Jazarpenaren biktima baten gurasoek komunikazioa sustatu behar dute, laguntza emozionala eman, egoerari jarrera positiboarekin aurre egiteko ausardia erakutsi, bere ustez zer egin behar den galdetu, eguneroko bat idatzi, seme-alabari bera konpontzen saiatzeko sekula esan ez, oldarkortasuna edo mendekua ez bultzatu, seme-alabari bere eskubideei balioa ematen erakutsi, ikastetxearekin hitz egin eta jazarpen-kasuetarako protokoloa martxan jartzeko eskatu, kontuan hartzeko moduko nahasketa emozionala adierazten badu harentzako laguntza klinikoa bilatu, eta ikastetxeak ondo erantzuten ez badu goragoko erakundeetara jo eta haien esku-hartzea eskatu. Inoiz ez da pentsatu behar, arazoa ez larritzeko, hobe dela ezer ez egitea.

Azaldu labur-labur: zertan datza CYBERPROGRAM 2.0?

Bullying-a eta cyberbullying-a (jazarpena bere modalitate guztietan) prebenitu eta murrizteko esku hartzeko programa bat da, nerabeentzat, eta eskola-testuinguruan aplikatzeko proposatzen da. Programaren helburuak dira nerabeek bullyinga eta cyberbullyinga zer diren eta horietan parte hartzen duten rolak (biktimak, erasotzaileak eta ikusleak) argitzea; tartean dauden guztientzat dituzten ondorio kaltegarriak aztertzea; biktimarekiko enpatia, gaitasun kritikoa eta halako jokabideen salaketarako ahalmena indartzea; eta prebenitzeko eta aurre egiteko estrategiak ikastea.

Programa modu esperimentalean ezarri dute ikastetxe batzuetan.

Zure ustez, haurrentzako eta nerabeentzako zerbitzuetan ere ezarri al daiteke?

Bai, Cyberprogram 2.0ren jarduerak edo dinamikak era askotako testuingurutan aplika daitezke, horien artean, haurrentzako eta nerabeentzako zerbitzuetan.

Familientzat, ikastetxeentzat, biktimentzat, eta abar eskaini dizkiguzun aholkuez gain, zein aholku emango zenizkioke administrazio publikoari? Zein izan behar du, zure ustez, administrazio publikoen funtzioak prozesu honetan?

Erakunde publikoek funtzio oso garrantzitsua bete dezakete haurrentzako eta nerabeentzako programak eta jarduerak sustatuz, esate baterako, gaitasun sozialak eta emozionalak (komunikazioa, lankidetza, enpatia…) garatzeko programak, indarkeria prebenitzeko eragina dutelako, hezkuntza digitaleko programak, indarkeria orokorraren prebentzio espezifikorako programak, eta partikularki bullyinga eta cyberbullyinga prebenitzekoak, eta abar.

Horiez gain, erakundeek helduen artean ere hainbat ekintza sustatu ditzakete telebistan, Interneten, bideo-jokoetan, eta abarretan adierazten den indarkeria-maila kontrolatzeko eta eragozteko, jokabide oldarkorrak, antisozialak, arrazistak, sexistak… indartzen baitituzte.

 

Hitzaldiaren informazioa hemen