Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Berriak

Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Elkarrizketa: Lan bilaketa digitala 2.0

Lana bilatu edo lanez aldatu nahi duzu, baina ez dakizu nondik hasi? Hona hemen kontuan izan beharreko hainbat alderdi.

2018·05·01


Martxoan hasi eta apirilera arte Kultura Digitalaren Astea ospatu da Gipuzkoako hainbat herritan. Adin guztietako pertsonentzako tailer desberdinak antolatu dira, horien artean, Gazteentzako lan bilaketa digitala 2.0.

TaPuntu komunikazio-taldeko kideekin solasean aritu gara lan-bilaketa digitalaren inguruan.

LAN-BILAKETA INTERNETEN: AHULGUNEAK ETA INDARGUNEAK

Internetek lan-bilaketaren munduan ere sekulako iraultza ekarri du. Oraindik ere bada curriculum-a eskura banatzen duenik enpresa, denda, taberna, eta abarretan, pertsonalagoa delakoan... Zer esango zeniekete?

Ohiko curriculumak eskura entregatzeaz gain, tresna digital ezberdinek eskaintzen dizkieten aukerak ezagutu, baliabide digital egokienak hautatu eta martxan jartzea gomendatuko genieke.

Azken finean, lan-bilaketa tradizionala eta digitala osagarriak dira, biak erabiliz, gure lan-aukerak handitu daitezkeela argi izanik.

Dena den, helburu profesionala zein den argi badugu, erabili beharreko bideak erabakitzea errazagoa izango zaigu beti.

Lan-bilaketa digitalak indargune gehiago ditu ahulguneak baino? Aipatu zuen ustetan nagusiak direnak (bai indarguneak, bai ahulguneak).

Indarguneak:

  • Muga geografikorik ez izatea. Munduko beste puntan dauden enpresekin komunikatzeko erraztasuna eskainiz aztertu ditzakegu (gure helburu profesionala lortzeko bidean, interesgarria da besteekiko gure egoera aztertzea).
  • Sektore batean erreferente bilakatzeko aukera jartzen digu eskura.
  • Gure alorreko profesionalekin informazioa eta aholkuak partekatzera iritsi gaitezke, interes berdinak ditugun pertsonen artean komunitateak sortuz.
  • Helburuen arabera, argitaraturiko informazioa egokitu edo aldatu dezakegu edozein momentutan.
  • Gu geu enpresengana gerturatu beharrean, enpresa-arduradunak zuzenean guregana gerturatzeko aukera zabaltzen da, tresna digitalei esker.

Ahuleziak:

  • Tresna digitalak erabiltzen ez dituzten enpresetara iristeko ezintasuna.
  • Baliabide digitalak gaizki kudeatzen baditugu, eman nahi ez genuen itxura ematea ekar dezake, gure helburua den lanpostua lortzeko oztopo bat izanik.
  • Inongo helburu zein erabilpen-irizpiderik gabe, esparru digitaletan lana bilatzen hasteak, denbora-galerak eta frustrazioak ekar ditzake.
  • Esparru digitalean eta aurrez aurreko egoeretan eskaintzen dugun irudia ezberdina bada, koherentzia-falta agerian geratu daiteke, atzerapauso nabarmen bat izanik.

JOERAK

Azken urteotan enpresa eta elkarteek asko baloratzen dituzte, adibidez, haien hautagaiek ekimen sozialeko lanak eta boluntario-orduak egitea. Zein dira joera nagusiak?

Gaur egun, erakunde ezberdinek hautagaiak bilatzeko orduan, titulazioaz gain, zeharkako gaitasun profesional eta pertsonal batzuk kontrolpean izateari ematen diote garrantzia.

Horien artean, kooperazioa eta lantaldean lan egiteko gaitasuna azpimarratu ditzakegu.

Hori dela-eta, hautagai posibleek garaturiko ekintza sozialak edota boluntario-orduak, positiboki baloratzen dituzte, gaitasun horiek menperatzen dituztela bermatzen baitute.

LAN-BILAKETA VS. ARRASTO DIGITALA?

Egiten dugun gehiena erregistratuta dago gizarte-sare eta Interneteko plataforma desberdinetan. Horregatik da garrantzitsua nortasun digitala era egokian sortzea. Lan bila dabilen gazte batek nola atera diezaioke etekina arrasto digital horri?

Egiten dugun guztia Interneten erregistratuta gelditzen denez, lan-bilaketako prozesu batean murgildurik egonez gero, itxura ahalik eta profesionalena eskaintzen saiatu eta lantzea ezinbestekoa izango da.

Dena den, arrisku bat baino, aukeratzat ulertu beharko genuke. Marka digital eraginkor bat sortu eta landuz gero, ondoko etekinak lor genitzake-eta:

  • Sektore bateko erreferente bilakatu eta barneraturiko ezagutzak partekatzeko aukera izango genuke, enpresek gure talentuaren berri izanik.
  • Beste hautagaiengandik ezberdindu eta enpresei beste zerbait eskaintzeko aukera dugula erakusteko parada genuke.
  • CV eta sare sozial profesionaletan jasoko ditugun gaitasunak aipatzeaz gain, hauek menperatzen ditugula erakusteko aukera genuke, askoz ere sinesgarriagoak izanik.
  • Gure ibilbide digitala erregistratzen doanez, egunerokotasunean partekatu ditzakegun argitalpenei esker, gure helburu profesionala lortzeko bidean geldirik ez gaudela erakutsi dezakegu, hau da, jarrera proaktiboa dugula erakutsi.

Baten batek, akaso, atzera egin nahi luke argitaratutako hainbat gauzatan. Zein gomendio emango zeniokete?

Interneten ahaztua izateko eskubide gisa ezagutzen den kontzeptua dugu; azken urteotan geroz eta erabiltzaile gehiago iritsi da honen beharra izatera. Dena den, egiari zor, nahiz eta lege ezberdinek eskubide hori dugula arautu, praktikan zenbait datu ezabatzea zaila bilakatu daitekeela aipatu nahi genuke lehenik.

Hori dela-eta, emango genukeen gomendio nagusiena ondokoa litzateke: hemendik aurrera sarean ezer argitaratu baino lehen, ondo baino hobeto pentsatu horrek ekar ditzakeen ondorioak (egungoak zein etorkizunekoak), esparru pertsonal zein profesionala kontuan izanik.

Bestalde, Interneten aurrez argitaratuta dagoen informazio deserosoren bat balego, ondoko pausuak ematea gomendatuko nuke:

  • Argitaraturiko informazio hori gure kontrolpean balego, adibidez, gure sare sozial profesional batetik argitaratu izan bagenu, zuzenean ezabatu egin behar genuke. Bigarrenik, seguraski bilatzaile ezberdinetan informazio horrek agertzen jarraituko duenez, bilatzaile horiei informazio hau ezabatzeko eskaera egin beharko genieke, bilatzaileek erabiltzaileen eskura jartzen dituzten galdetegiak betez.
  • Ordea, hirugarren batek guri buruzko informazioren bat argitaratu izan balu, hau da, gure kontrolpean ez dagoen tresna digital batean egonez gero, tresnaren atzean dagoen titularrari, informazio hau ezabatzea eskatu beharko genioke lehenik. Ondoren, bilatzaile ezberdinetatik informazioa ezabatzeko galdetegia bete beharko genuke.

Dena den, goian aipatu dugunez, informazioa guztiz ezabatu ahal izateko, askotan bide luze eta korapilatsu bati aurre egin beharko diogu, epaitegietara iristeraino (beste esparru batzuetan gertatzen den bezalaxe, legea errealitatearen atzetik doa-eta).

GAITASUNAK INDARTU

Komunikazio efektiboa oso modan dago. Gainera, enpresek, adibidez, konpetentzia ugari biltzen dituzten pertsonak bilatzen dituzte: talde-lana, enpatia... Zein tresna ditugu eskura Interneten arlo honetan trebatzeko?

Edozein bilatzailetan bilaketa azkar bat eginez gero, segituan topatuko ditugu gure gaitasun profesionalak eta pertsonalak neurtzeko galdetegi baliagarriak. Halakoek egoera ezberdinak planteatzen dizkigute, eta horien aurrean zer egingo genukeen erantzun beharko dugu (dena den, galdetegi hauek benetan baliagarriak izateko, planteaturiko egoeraren aurrean burura etortzen zaigun lehen erantzuna aukeratu beharko genuke, gehiegi pentsatu gabe).

Galdetegiak kontrolpean ditugun gaitasunak azpimarratuko dizkigu emaitza moduan, hobetu beharreko gaitasunak barne.

Bestalde, enpatia, talde-lana, komunikazio-gaitasuna, asertibitatea, etab. lantzeko milaka dinamika eta rol playing topatu ditzakegu sarean. Beraz, edozein lan-elkarrizketara abiatu baino lehen, hauek lantzea komeni da.

Ikasketak amaitu berri dituen gazte asko lana bilatzen hasi da. Zein dira, zuen ustez, lan-bilaketa digital eraginkor baterako egin beharreko gutxienekoak?

  1. Helburu profesionala definitu. Helburu on batek ezaugarri hauek bete behar dituela kontuan izanez: positiboa, lorgarria, zehatza, neurgarria eta epe bat izatea. Adibidez, 2018ko ekainaren 30a baino lehen, nire lan-alorreko lau lan-elkarrizketa egitera iritsi.
  2. Bigarrenik, helburu horrekiko nola gauden aztertu: indarguneak, ahuleziak, mehatxuak eta aukerak identifikatuz. Hau da, gure buruarekiko eta helburu horrekiko zintzoak izan.
  3. Behin aurreko pausoak emanda, plangintza bat finkatu: helburu horiek lortzeko norengana jo behar dugun aztertuz, zein estrategia edo bide erabiliko ditugun definituz, eskura ditugun baliabideak finkatuz (elkarlanak pentsatuz) eta bukatzeko, pauso guztiak definitzeko epeak eta lehentasunak errespetatuz.
  4. Hori guztia egin ondoren, martxan jartzea litzateke hurrengo urratsa, horretarako ordutegi eta leku finko bat errespetatuz (posible bada, etxetik kanpo, denbora-lapurrak ekiditeko).

Gainera, lana bere kabuz egin nahi duenari ere ondo etor dakioke lan-bilaketa digitalean gertatzen ari dena ezagutzea; gaiarekin lotutako plataformak ezagutzea, adibidez. Zein dira plataforma nagusiak?

Pertsona bakoitzak, bere helburu profesionalaren araberako tresna digitalak aukeratu beharko lituzke beti.

Dena den, nagusitzat hauek azpimarratuko genituzke:

  1. Pinterest: diseinu munduko profesionalak biltzen dituen sarea.
  2. Flickr: argazkigintzan edo artean dabiltzan profesionalentzako gomendagarria.
  3. Blog: marka pertsonala sortu, indartu eta landu nahi duen edozein alorreko profesional batentzako aproposa.
  4. Foursquare: komertzio txikientzat interesgarria litzatekeen tresna. Erabiltzaile batek, tresna honi esker, bere behar bat ase dezake, inguruan behar hori asetuko duen komertzioen zerrenda topatzeko aukera eskaintzen diolako. Dena den, komertzioak bilaketetan agertu eta bezero potentzialak lortu ahal izateko, beharrezkoa da Foursquare tresnean aurrez profil bat sortzea.
  5. LinkedIn: oinarrian goi-mailako ikasketak dituzten profesionalak batzen dituen sarea dela esan genezake. Dena den, azkenaldian, bertan sortzen ari diren enpresa-orriak sekulako indarra lortzen ari dira, erakunde zein erabiltzaile ezberdintzat aberasgarria izanik.
  6. Facebook eta Twitter: irizpide batzuk zainduz gero, gure garapen profesionalerako oso baliagarriak izatera iritsi daitezkeen sare sozialak dira, nahiz eta hasiera batean gutako gehienek erabilpen pertsonalerako sortu.

Askotan indibiduoen arteko “lasterketa” gisa irudikatzen dugu lan-bilaketa. Plataforma digitalek norbanakoaren gaitasunak azaltzeaz gain, sarea ere indartzen dute. Adibideren bat azaldu dezakezue?

Zalantzarik gabe, gure alorreko profesionalak kolaboratzaile gisa ulertzen baditugu, irabazi-irabazi motako erlazioak landuko ditugu, bi alderdientzat emaitza aberasgarriagoak lortuz.

Adibide bat ematearren, LinkedIn sare sozialean topatu ditzakegun komunitate horietako batean batuz gero, interes berdinak dituzten profesionalei esker, ondoko informazioa lortu dezakegu: lege berri bati buruzko zalantzak argitu, sektoreko azken lan-eskaintzak, bekak eta diru-laguntzak ezagutu, proiektu zehatz bat aurrera eramateko kolaboratzaileak topatu, prestakuntza interesgarrien berri izan…

KULTURA DIGITALAREN SUSTAPENA

Gipuzkoako Foru Aldundia hainbat ekimen egiten ari da kultura digitala sustatzeko: Instant1ean, udaleku teknologikoak, Kultura Digitalaren Astea, etab.

Zuek azken honetan parte hartu duzue, hain zuen, (familia, nerabe, gazteei, guraso eta profesionalei) tailerrak eskainiz. Zer deritzozue erakunde publikoak Kultura Digitalaren Astea bezalako ekimenak egiteari?

Eraldaketa digitalak gure bizitzako esparru guztietan eragina izan duenez, iruditzen zaigu ezinbestekoa dela erakunde publikoetatik horrelako trebakuntzak zein bestelako ekintzak sustatu eta guztion eskura ipintzea.

Gainera, profil eta beharren araberako programak ezberdindu izana, oso positibotzat jotzen dugu, helburu eta ezaugarri ezberdinak dituzten pertsonengana iritsi ahal izateko.

Azken finean, beharrezkoa bilakatu da kultura digitalaren berri izatea eta maila batean edo bestean lantzea, gaur egungo gizartean dauden erronkei aurre egin ahal izateko.