Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Berriak

Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

Elkarrizketa Jaume Funesi: Nerabeak digitalean bizi badira, digitalean ere izan behar dugu haien bide-lagun

Elkarrizketa honetan, nerabeen gaietan espezializatu den Jaume Funes, psikologo, hezitzaile eta kazetariak, bide-laguntzaren garrantzia azpimarratzen du; eta horrekin batera, beharrezkoa dela helduok eskura ditugun mekanismo guztiak erabili behar ditugula nerabeen eskubideak bermatzeko. Konexio-modua aldatu egin bada, aditu honen iritziz, ezinbestekoa da gu ere testuinguru berri honetara egokitzea eta bide-laguntza hori formatu digitalean ere egitea.

2018·12·10


Joan den azaroaren 20an, Haurren eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna izanik, Jaume Funesek hitzaldia eman zuen Gipuzkoako Foru Aldundian. Ekitaldia Gazteria Zuzendaritzak antolatutako “LikeZibereskubideei” sentsibilizazio-kanpainaren barruan eskaini zen. Honen helburua da haurrek, nerabeek eta gazteek beren zibereskubideez eta ziberbetebeharrez ohartaraztea. Eskarmentu handiko aditu hau Donostian zela baliatuz, elkarrizketatu eta berekin hausnartzeko aukera izan genuen.

** Elkarrizketa bideo honetan ikus dezakezu:

BIDE-LAGUNTZA DIGITALA

Funesek nabarmendu zuenez,  “haurrekin edo nerabeekin lan egiten duen profesional batek ezin du mundu errealaz bakarrik hitz egiteko ausardia izan”.

“Arrazoitzeko moduak, pentsatzekoak, nork bere burua eratzekoak eta harremanak izatekoak aldatu egin dira eta, beraz, helduok konexio-mundu berri horretan egon behar dugu. Nerabea bakarrik sentitzen bada, nahigabetuta, kezkatuta, eta lagunduko dionarekin konektatuta egoteko beharra badu, eta konexio hori digitala bada, beste dimentsio horretan ere egin behar dugu bide-laguntza.”

Helduak haren konfiantza lortu behar du eta jakin behar du digitalean ere laguntzen, dio adituak: “Ezinezkoa da konexioa presentziazko arloan bakarrik izatea, horren beren arteko harremana mugatuko lukeelako. Bakardade digitala presentziazko bakardadea bezain gogorra da”. Horregatik, bide-laguntza, konfiantzazko lotura hori, harreman hori, bi dimentsioetan sortu behar da: analogikoa eta birtuala.

 

“PENTSAMENDU KRITIKORIK GABE ANALFABETO DIGITALAK IZANGO DITUGU”

 

Jaume Funesen ustez, “ez du ezertarako balio konektatuta egoteak, ez badakizu nola iritsi, interesik ez baduzu, ez badakizu zerk balio duen eta zerk ez… Konektatuta egotea haurren eskubidea da, eta ezin diegu kendu, baina jakin-mina izaten, eskuragarri duten informazio guztia beren bizitzan integratzen lagunduko dien pertsona heldurik gabe, gazte digitalak izango ditugu, baina analfabeto digitalak.

Horregatik da garrantzitsua gaitasun kritikoa izaten, hausnartzen, azken batean, pentsatzen irakastea. Funesek ateratako ondorioa da betiko arazo berberak direla, testuinguru desberdin batean.

Hezitzailearen helburua bera izango da: “pertsona zoriontsuak izan daitezen heztea, beste batzuekin bizitzeko eta elkarrekin etorkizuna sortzeko gaitasuna dutenak”, baina zeregin hori testuinguru berri batean burutu behar dugu. Heziketa-premiek berberak izaten jarraitzen dute, baina horiei erantzuteko moduak aldatu egin dira eta, horretarako, irakasten uzteko gai diren eta mundu aldakor batera egokitzeko prest dauden helduak behar dira.