Web edukia bistaratu Web edukia bistaratu

Berriak

Eduki publikatzailea Eduki publikatzailea

Atzealdea

“Digital Youth Work”, gazteekin lan egiten duten profesionalen topaketa: ONDORIOAK

Hainbat herrialdetako gazteria-arloko profesionalen topaketa honen helburua zen ingurune birtualak nerabe eta gazteekin lan egiteko eskaintzen dituen aukerak aztertzea. Gazteria-alorreko 24 profesional izan dira Hondarribian urriaren 17tik 20ra; bertakoez gain, Alemania, Eslovenia, Turkia eta Israelgoak. Urriaren 20an Tabakalerako Kutxa Kultur Gunean aukera izan genuen Digital Youth Work proiektuan parte hartu zuten esperientziak ezagutzeko.

2017·10·31


Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuta, ERASMUS+ programak hezkuntza ez formalaren eremuan eskaintzen dituen aukerak aprobetxatu nahi izan dira. Izan ere, aurten nerabeen eta gazteen sustapen-arloko hainbat proiektu aurkeztu eta onartu dira. Horietako bat, Digital Youth Work izan da.

 

Egun hauetan Hondarribian aurkezpenak, gaiari buruzko eztabaidak eta praktika onak partekatu ziren, horien artean, GFAko #Instant1ean egitasmoa. Eztabaida oso interesgarriak eta mamitsuak izan ziren, eta dinamika horietatik lehen ondorioak atera dira pixkanaka.

Hondarribia album-a (2017-10-16-19)

Hona hemen ondorio horien aurrerapen bat:

1.- Tresna digitalak hor daude, gazteria-arloko profesionalek erabiltzeko prest.

2.- Ezin dugu dena kontrolpean eduki, ezin ditugu gazteak sareetan kontrolatu.

3.- Ingurune birtuala arazoak baino gehiago da, aukera moduan ikusi behar dugu.

4.- Gazteekin modu integralean lan egin nahi badugu, ingurune birtualean ere egon behar dugu, gazteak bertan daudelako. Gazteek ez dute bizitza birtuala eta erreala, bizitza bakarra dute, bi inguruneetan garatzen dutena. Gu egon ala ez, beraiek bertan egoten jarraituko dute, eta ingurune birtualean ere gure laguntza behar dute.

5.- Gazteria-arloko langile bezala prestakuntza behar dugu, baita ikerketak ere, ingurune birtuala gure lan-eremu bihurtzeko.

6.- Erakundeetan ingurune birtualean lan egiteko markoa zehaztu behar da. Bertan lan egingo badugu, gutxieneko irizpide batzuk zehaztu behar dira: Non dago muga? Non hasten da profesionalen eremu pribatua eta non publikoa? Zein tresna behar ditugu? Nola txertatu ingurune birtualean egiten dugun lana gure egunerokotasunean?

7.- Gazteak sare sozialen erabileran adituak dira (natiboak dira), baina gazteria-arloko langileak beste hainbat eremutan gara adituak. Beraz, gazteekin batera egin beharko genuke bidea, sinergiak bilatuz, elkarrekin ikasiz; hierarkiak alde batera utzi behar ditugu, modu horizontalean lan egin, ezagutza partekatuz.

8.- Gazteen eta gazteria-arloko langileen arteko etena ez da soilik digitala. Gazteak azkarrago bizi dira, berehalakotasuna behar dute, eta hau gure lanarekin uztartzen jakin behar dugu.

9.- Gazteek ondo dakite zer diren sare sozialak, zein erabilera ematen dieten, sare bakoitza zertarako erabili nahi duten. Beraz, zergatik ez galdetu beraiei gurekin harremana nola izan nahi duten?

10.- Hausnarketarekin jarraitzea beharrezkoa da, beste lekuetan egiten dena ezagutu eta gurera moldatu. Praktika egokiak egon badaude. Gu noiz?

 

Aurrerago, esperientziaren bideoa eta ondorio guztiak bilduko dituen txostena osatu eta argitaratuko dugu.

  • Proiektuari buruzko informazioa: HEMEN
  • Honi lotutako beste berria: HEMEN

Tabakalera album-a (2017/10/20)